Heraitze auzoa

Heraitze auzoa

Heraitze auzoa goi-ordoki batean kokatua da eta handik, Errobiko harana ikusmenean da. Auzo horretan, herri bateko osagai guziak aurki daitezke: kapera, eskola, jauregia, ostatua, pilota plaza.
Heraitze izena dokumentu biziki zahar zenbaitetan agertzen da: Baionako katedraleko urrezko liburuan Heraitzeko etxeak aipatzen dira, kapera baten inguruan bilduak (1233); Nafarroako artxiboetan (Iruñea) 1249ko dokumentuetan etxe zenbaiten izenak agertzen dira, gaur egun oraino kaperaren inguruan aurkitzen direnak, hala nola Aldabea, Jelosia, Hiriartea, Landaldea, Hiriberria eta Ithurbide berria.
1838an, Larreguienea jauregiko jaunak, Santa Katalina kapera eskaini zien Heraitzeko biztanleei.
1999az geroztik, Heraiztarrek iraganeko lekuak zaharberritzen dituzte. Gaur egun, Heraitzeko ondarearen itzulia egin daiteke oihan eta zirga bidetik barna, iturria, latsagia eta gisu-labea ikusteko.

Eiherak

  • Haitzeko Iharra : ogi eihera zen, Augier de Lehet Haitzeko jaunari utzia 1424ean. Oraino zaharragoa daiteke, garai horretan Lucssa eihera deitzen baitzen.
  • Latseko Iharra : XIV. mende hastapenean Hirigoina etxearen ardurapean zen; ondotik Haitzeko etxearen ardurapera pasa zen, eta oraino horrela segitzen du.