Hiri barnea

Lapurtar estiloko etxeak

1523tik goiti, Amerika deskubritu eta laster, artogintzari esker laborarien bizia sakonki transformatu zen Errobiko ordokian, eta hats berri bat eman zion Uztaritzeri. Besteak beste, etxebizitzak hobetu ahal izan ziren.

Emeki-emeki, Erdi Aroko zurezko etxeak desagertu ziren, harrizko etxeei tokia uzteko: estetikari garrantzia ematen hasi zen.

Etxe zaharretako argamasak atxiki ziren eta berantago, idien odolarekin gorriz tindatu ziren, eta murruak gisuarekin tratatu (horregatik hainbeste labe aurkitzen zen eskualde horretan). Etxe xuri eta gorriak orduan hasi ziren agertzen. Lapurtar estiloko etxeak nagusitu ziren beraz, Uztaritzek bere garai oparoa ezagutu zuenean: baile etxeko auzitegiak bertan zuen egoitza eta Nafarroa eta Baiona arteko ekonomia gune garrantzitsua zen. Garai horretakoak dira Frantses Iraultzaren ondotik zutik segitu duten lapurtar estiloko etxeak. Zureria aberatsa eta landua dute, hegal-estaiak dituzte, argamasak, eta eskulturak ausarki.

 

 

Eiherak

Xopoloko Ihara : Iraultza aitzin, hiri barneko etxeena zen eihera, eta ez etxe noble batena, beste eiherak bezala.

GAZTELUA

Arnaud-Bertrandek, Lapurdiko bizkondeak bere hiriburua Uztaritzen finkatu zuen 1174ean Rikardo Lehoi Bihotzek Baionatik kanporatu zuenean, eta bere gaztelua tontor baten gainean eraiki zuen; han gainetik ibai-portu nagusia eta antzinako eihera ikusten ziren. Gaztelua gotorleku baten erdian zen zurezko hesi batez inguratua.
Urte batzuk beranduago, Akitaniako dukerria –Ingalaterrako Erresumaren parte zena– Lapurdiz jabetu zen. Baile bat izendatua izan zen probintziaren buru, errege aginpidearen ordezkari zuzena zena. Erakundeak 1450 arte iraun zuen, hots, Frantziako erregeak Akitania berreskuratu arte.

Frantses Iraultza arte Gaztelua baile etxeko auzitegiaren eta Biltzarraren egoitza izan zen. Biltzarrak probintziako parrokia desberdinetako ordezkariak biltzen zituen: eskualdeko arazoez hitz egiten zuten (elizgizonak eta nobleak baztertuak ziren). Eraikin horren itxura feudala XIX. mendean desagertu zen; suntsitze “basa” baten ondotik, murruen oinarria baizik ez da gelditu.