Bruno CARRERE, Auzapeza

05.11.2020

Duela zenbait egun, konfinamendu garai berri batera sartu gira, joan den udaberriari konparatu eta desberdina da. Zointzuk dira ondorio zuzenak herri mailan ?

Joan den martxoari konparatu eta, konfinamendu horren ezaugarriak desberdinak dira. Herriko zerbitzu gehienak mantenduak dira usaiako baldintzetan. Eskaerak dituzten herritarrei aholkatzen diegu mailez edo telefonoz egitea bainan herriko etxerat etortzen ahal dira ere neurri sanitarioen errespetuan.

Hala ere, mediateka, multimedia gunea eta orokorki kirol guneak eta herriko gelak hetsiak dira.

Larunbateko merkatua atxiki dugu eta mediatekaren kasuan liburuen eskuratzeko sistema bat proposatzen da (Drive moduan), harerran erantzuten da herritarren galdera guziei… Denak mobilizaturik gaude fase honi behar bezala erantzuteko.

Zertan dira elkarteen aktibitateak ?

Estatuko zerbitzuetatik eskuratu ditugun testuak azken mementoan ukan ditugu. Erabaki horien arabera behartuak gira herriko gelak hestea, heien sailkapenaren arabera, baita kirol gune guziak ere bai. Aisialdiak eta elkarte bizitza geldituak dira beraz. Herriko Etxea, krisi honen hasieratik elkarteen laguntzaile gisa kokatzen da. Adibide gisa, gertatu berri den deskonfinamendu garaian, protokolo sanitarioak martxan ezarri ditugu eta mutualizazio bat egin dugu gelen garbiketarako beharrezkoak diren produktuak elgarrekin erosteko eta azkenean diru gastu gehigarria ez uzteko elkarteen esku bakarrik. Elkarteekin harremanetan segitzen dugu prefeturak edo gobernamenduak hartzen dituzten erabakien arabera behar diren erantzunak emaiteko.

Konfinamendu bat garai zaila da denontzat bainan bereziki zaharrentzat, bakarrik bizi direnentzat edo sozialki beharretan diren pertsonentzat. Zoin dira Herriko Etxeak proposatzen dituen mekanismoak pertsona horientzat ?

Joan den udaberriko mekanismoak berriz aktibatu ditugu berehala. Jendarte Ekintzarako Herriko Zentroak bakarrik bizi diren pertosnen izenak biltzen ditu. Bakoitzak emaiten ahal du bere izena edo hurbileko batek, familiko kide, auzo edo lagun, emaiten ahal du beste baten izena. Horri esker, egoera pertsonalen arabera erantzun egokitu bat emaiten ahal diegu Uztariztarrei. Joan den udaberrian bezala, bolondres batzuek laguntza ekarriko dute.

Eskolen sartzea egin da azaroaren 2an, joan den astelehenean. Nola pasa da ?

Hor ere nahi dut azpimarratu gomendioak biziki berant ukan ditugula. Testuen azken eguneraketa ortziral gauean ukan baiginuen eta asteburua ginuen bakarrik arau berrien aplikatzeko. Eskola desberdinetako zuzendariekin elkarlan bat ereman dugu orain arte egin dugun bezala.

Nahi dut partikulazki azpimarratu eta txalotu herriko langileen profesionalismoa eta engaiamendua. Horiei esker sartze hau baldintza hoberenetan iragan da. Gurasoak lanean direlako, joan den udaberriari konparatzen baldin badugu, klaseak beteak dira aldi huntan. Protokoloaren aplikatzea zailtzen du bainan ahal den guzia egina da haurrak baldintza goxoetan ezartzeko eta segurtasun sanitarioa bermatuz.

Gaurko egoerak ez digu eskaintzen epe ertaineko ikuspegirik. Egunez egun aldatzen diren gomendioen arabera lan egiten dugu. Hautetsien, herriko langileen eta laguntzaileen engaiamenduari esker, kolektiboki garai hau ahal bezain ongi pasatuko dugu.