MEDIATEKA BERRIA
Dakizuen bezala, badu urte andana bat Herriko Etxeak, Lota parke-hegian kokatuko den Mediateka berri baten egiteko egitasmo ausart bat duela.
915 m²-ko azalera eta eskaintza arraberritu batekin, eta 200 pertsona zutik eta 120 jarrita (harmaila ateragarriak) bil ditzakeen proiekzio-gela batez gain, gure ekipamendu berriak herri-barnean dugun kultura- eta animazio-dinamikak indartuko ditu, besteak beste Euskal Kultur Erakundearen egoitza aterpetzen duen Lota gazteluaren inguruan. Herri barnea urte osoan bizi-bizirik eta animatua da, gure elkarteek sortzen eta hedatzen dituzten ekitaldiei esker.
Obren fasea aste honetan hasi da beraz, eta 18 hilabete iraunen du, lokal berriak 2027ko urtarrilean eskuratu ahal izan arte. Oraingo mediateka, idekia egonen da, obren denboran.
Enpresekin adosturik, ahal guzia egiten dugu, obrek Lapurdi plaza eta herri-erdiaren bizia ahal bezain guti traba ditzaten. Obrak baragailuz mugaturiko eremuan iraganen dira, banaketak puntako tenorez kanpo eginen dira, eta langileak Bilguneko aparkalekuan aparkatuko dira. Gelditzen diren lekuak familientzat eta Herriko Etxearen erabiltzaileentzat utziko dituzte.
Xantierraren aitzinamenduari doakion informazio baliagarria jakinaraziko dizuegu gure webgunean eta sare sozialen bidez, eta beharrak manatuko duen orduko, zuen egunerokoaren errazteko.
Mediatekako taldeak lekuak eskutan ontsa hartu izan arte, ekipamendu berria publikoari irekia izanen zaio, ontsalaz 2027ko buruileko sartzean.
Agian, kulturaren zerbitzu publikoa aurkituko duzue hor denek, eta hainbeste denboraz geroztik goaitatzen dugun delako toki hori, gure elkarbizitza indartuko duena eta adin guzietako Uztariztarrak bilduko dituena, ideiak kurriarazteko, jakintzen bereganatzea hobetzeko, izpiritu kritikoaren zorrozteko, eta gisa horretan, irudimen kolektiboaren plazerezko hatsa, edertasunaren eta jokoaren bidez hedatzeko.