MUGIKORTASUN GOXOAGO BATEN ALDEKO URRATS BERRIA UZTARITZEN !

19.08.2025

Uztaritzeko herriak, mugikortasun eztiaren eta trantsizio ekologikoaren aldeko planaren baitan, baita Errobiko herriarteko bizikleta-planaren barnean ere, antolaketa berriak ezarri ditu, Bordatxoa eta Hiribehere inguruan eginiko lanen segidan. Neurri hauek herritarren eskaerei ere erantzuten diete, zirkulazio emekiago baten aldeko deiari.

Hiribehere–Heraitze–Arruntza ardatzean sigi-sagak ezarri dira, autoen zirkulazioa moteltzeko eta erabiltzaile guzien segurtasuna indartzeko. Haltyako aldapa ere sartu da 30 zonaren barnean.

Neurri hauek oinezkoen, bizikletarien eta autoen arteko bizikidetza harmoniatsua sustatzen dute. Abiadura apaltzea, ikusgarritasuna hobetzea eta pasabideak segurtzea dute helburu.

Lanak oraindik ez dira guztiz bukatuak: lurreko seinaleak ondoko egunetan eginen dira, antolaketa osatzeko eta bururatzeko. Ohartarazi behar da, gainera, seinaleztapenaren parte bat lapurtua izan dela obretan, eta berriz jarri beharko dela.

Antolaketa hauek herriarteko lotura logikan kokatzen dira, Errobiko bizikleta-planak eramana: helburua da auzo eta herri mugakideen artean jarraikortasuna sortzea, bizikletaz eta oinez mugitzeko erraztuz Uztaritzeko erdigunetik. Epe luzera, konexio horiek lurraldeko sare bizikletaria sendotuko dute eta joan-etorri seguruago eta jasangarriagoak bultzatuko dituzte.

Proiektu hau finantzatzen du Euskal Hirigune Elkargoaren Syndicat des Mobilités Pays Basque Adour-ek %30ean eta 64 Departamendu Kontseiluak %20an.

Herriko etxeak bere engaiamendua berresten du:

  • Mugikortasun aktiboak (oinez, bizikletaz) sustatzea
  • Zirkulazio seguruagoa eskaintzea
  • Eguneroko bizi-kalitatea hobetzea

Herritar guziei gomendatzen diegu kasu egitea eta pixkanaka ohitzea instalazio berrietara.